Herriko jaiak 2023: bigarren bilerarako deia

Aurreko astean egin zen lehen bilera eta hainbat gai finkatu ziren jada: festa egunak zeintzuk izango diren, festa gunearen antolaketa orokorra zein izango den eta egitarauaren lehen zirriborroa ere osatu zen. Bigarren bileran, egitarauan sakonduko da, uda aurretik lotzea komeni diren ekintzak zehazteko, bereziki musika taldeena.

 

Egutegiari dagokionez, aurten urriaren 5, 6, 7, 8 eta 14 izango dira festa-egitarauko egunak. Horren barruan, 7a mozorro eguna izatea aurreikusi da eta 14a kuadrillen eguna. Gainera, iazko festa-balorazioan jasotakoari jarraituz, proposamen bat mahaigaineratu zen: urtero urriaren 6aren arabera egunak mugitzen ibili beharrean, egutegi finkoa hartzea datozen urteetan, aurten izango duen egitura errepikatuz, hain justu: urriko lehen ostegunean hasi urtero festak igandera arte, eta hurrengo asteburuko larunbata ere barne dutela. Bilerara bertaratuek begi onez ikusi zuten proposamena eta datozen bileretan sakonduko da horren inguruan. 

 

Festaguneari dagokionez, iazko eredua jarraituko da nagusiki, 20 x 15 metroko karpa jarriko delarik plazan. Irailaren amaieran montatuko da aurtengoan karpa, 3 asterako. 

Egitaraua, berriz, datozen asteetan joango da gorputza hartzen. Uztailaren 19ko saioan presazkoenak lotuko dira eta gainontzekoa irailaren hasiera aldean egingo den saioan zehaztuta utziko da. Bitartean, egitaraua osatzen duten eragile ezberdinekin hartu-emanak ere egingo dira. 

 

FESTAK ANTOLATZEKO II. BILERA:

EGUNA: UZTAILAK 19, ASTEAZKENA

ORDUA: 18:30ean

LEKUA: Udaletxeko Herri Aretoan