Joan den asteazkenean, hilaren 13an, egin zen Zaldibiko jaien diseinu eta antolakuntzarako bigarren entzute-saioa. Aurrenekoan bezala, herritar ugari bildu zen antzokian. Bai herriko talde, eragile edo elkarteetako ordezkari moduan, baita norbanako gisa ere. Hirugarren eta azken bilera irailaren 14an izango da, 18:30ean antzokian bertan.
Lehen saioan zaldibitarren balioak identifikatzeko ariketa egin zen eta hizpide izan ziren festa-egunen egutegia, aurrekontu-markoa eta txupinazoa. Bigarrenean, berriz, egitarau zirriborroa azaldu zen, hau zaldibitarron balioekin konparatu zen eta festa gunearen antolaketa proposamena ere hizpide izan zen bertaratuen artean.
Aurten lanketa berezia egin nahi izan da festen hartzaile eta parte-hartzaile diren herriko jendearen profil desberdinak saioetara ekartzeko. Dinamika honen helburua horixe baita, azken finean: proposamen ezberdinen gainean dauden iritziak entzutea, eta erabakiak entzundako horren baitan hartzea.
Hiru entzute-saioetan azkena irailaren 14an izango da, 18:30ean. Bertan egitaraua eta festa-guneen antolaketa itxitzat emango da, protokolo feminista azalduko da eta, azkenik, egitaraua iragartzeko talde argazkia atera ondoren, mokadutxoa izango da bileretan parte hartu dutenentzat.