Irekita dago lau-urteko berrirako izen ematea herriko gaien inguruko lanketa egiteko. Antolaketa berria jarri da martxan ohiko batzordeen ordez. Udal herri batzarrean zehatzago azaldu zen informazioa, jarraian ere aurki dezakezuena.
Kurtso eta legealdi berria hastearekin batera, herritarrei elkarlanaren sarera biltzeko deia egin die Udalak. Hiru erronka nagusi jarri dira mahai gainean: Zaldibia herri bizigarria izatea, herrigintzaren kultura oinarri duena eta elkar zaintzen duten pertsonek osatutako komunitate sena duena.
2023ko irailaren 21ean egindako udal herri batzarrean (behean erantsita batzarreko aurkezpena) azaldu zenez, "elkarlana da hori lortzeko bide bakarra, eremu bakoitzean lan egin, iritzia eman eta bere ekarpena egiteko prest dauden eragile eta herritarrak saretu nahi ditugu".
Jarraian dituzue erronkak eta haien barneko gai zehatzagoak:
HERRI BIZIGARRIA: Herri Antolamendua-Hirigintza, Mugikortasuna, Energia, Elikadura, Lana, Zerbitzuak, Ingurumena, Etxebizitza
HERRIGINTZAREN KULTURA: Euskara, Kultura, Kirola, Gazteria, Hezkuntza, Auzolana, Memoria
ZAINTZA ETA KOMUNITATEA: Berdintasuna, Aniztasuna, Zaintza, Ongizatea, Herritarrak
Herritar eta bestelako eragileak gonbidatzen ditugu izena ematera online HEMEN edota aurrez aurre Udaletxean edo Kultur Etxean. Horrela, erronka horri dagozkion informazio eta deialdiak jasoko dituzu eta elkarlan-sareak lotzeko aukera izango da.
Eman izena!