Zaldibiako Udala “Harrera protokolo integrala” proiektuan murgilduta dago, helburua Zaldibiara bizitzera datozen herritarrei ahalik eta harrera egokiena egin eta herritarren arteko saretzean eragitea izanik. Proiektuaren baitan, herriko elkarte eta eragileei formakuntza aukera eskainiko zaie, baita gaian bereziki interesa duten herritar norbanakoei ere. Jarraian informazio osoa.
Zaldibiako Udala “Harrera protokolo integrala” proiektuan murgilduta dago, helburua Zaldibiara bizitzera datozen herritarrei ahalik eta harrera egokiena egin eta herritarren arteko saretzean eragitea izanik.
Udal mailan lanketa bat egin da eta teknikari zein arduradun politikoei formakuntza bat eman zaie. Baina herri mailako harrera bat egin nahi denez, herriko kultur eta kirol taldeen mahaiko abenduko bileran aurreratu genizuen bezala, pauso gehiago eman nahi dira:
Aurrerantzean, urtean hiru ongi-etorri saio egingo dira, lehenbizikoa martxoaren 25ean izango delarik. Hurrengo biak, ekainean eta azaroan. Ongietorri saio hauek antolatzerakoan, kontuan izango dugu erroldatzean etorri berriak betetzen ari diren borondatezko galdetegia. Bertan beraien zaletasunen berri ematen digute, esaterako.
Helburua da ongietorri saioa ahalik eta pertsonalizatuen egitea, eta puntu horretan hartzen duzue elkarte eta taldeek berebiziko garrantzia. Etorri berri batek galdetegian adierazten badu, adibidez, berak edo familiako norbaitek dantza maite duela, dantzarekin harremana duzuen elkarteei eskatuko dizuegu saio horretara etortzea, eta saio hori elkarrekin prestatzea.
Hau egin eta bere garrantzia sentitu ahal izateko, herriko elkarte eta eragileei ere formakuntza aukera eskainiko zaie, baita gaian bereziki interesa duten herritar norbanakoei ere. Bertan aniztasuna, migrazioa eta elkarbizitzaren inguruko oinarrizko kontzeptu batzuk ezagutu eta horien inguruan hausnartuko da, horretan trebatuta dauden adituekin.
Bi saio izango dira (bietara joateko konpromisoa eskatzen da), hurrengo datetan:
Otsailaren 8an eta 22an, asteazkenak, 18:00etatik 19:30era, udaletxeko Herri Aretoan.
Izena emateko bi bide daude: Kultur Etxeara joanez edo deituz, edota jarraian ageri den taulan izena emanez. Epea: otsailak 6.