"Herri ametsa elkarrekin marrazten" saioa igandean Txatxilipurdik gidatuta

Zaldibia Herri Hezitzaile izateko lanean dihardugu azken urteetan eta pauso berriak emango dira datozen hilabeteetan. Oinherri sareko kide den Txatxilipurdi Elkartearen bidelaguntzarekin, igande honetan egingo da hiru saioetan lehena, 17:30ean udaletxeko herri aretoan. Herriaren balio hezitzailean sinesten duten eragile eta norbanako guztientzat da gonbidapena.

 

2020an sartu zen Zaldibiako Udala eta berarekin herria, Oinherri Herri Hezitzaileen Sarean. Ordutik, urtez urte berritu da elkarren arteko konpromisoa, azkena aurtengo urte hasieran

Asko dira sarearen printzipioekin bat eginez azken urteetan burututako eta martxan jarritako proiektuak eta dinamikak: uda bizia, gaztetxoen kabi, plazaren diseinua, hitzaldiak, formakuntzak... 

Udalaz gain, ordea, Zaldibia herri hezitzaile egiteko bidean badira ezinbesteko diren beste eragile batzuk ere. Hezkuntza komunitate osoa (Eskola, gurasoak, hezkuntza ez-formalean dihardutenak) norabide berean ari da lanean: eskolako batzorde mistoak, euskara eta kulturartekotasuna proiektua, herriko gune eta naturguneen erabilera sustatzea... Eta herritarrek eta herriko eragileek osatzen dute hirugarren oina. 

Ekimen ezberdinak, helburu berdina: Zaldibi Herri Hezitzailea izatea

Bakoitza bere eremutik egiten ari dena handia izanik, elkarrekin lan eginez oparoagoa izango denaren ideiatik abiatuko dugu igande honetan bidea. Horretarako, Txatxilipurdi Elkarteko kideak izango ditugu bide-lagun, haur eta gaztetxoekin duten esperientzia handiaren babesean. 

Alde batetik, herriko haur eta gaztetxoekin egingo dira saioak. Bestetik, beraiekin edota beraientzat lan egiten duten herriko eragile, elkarte eta norbanakoen. Guztira hiru saio egitea aurreikusi da, azarotik otsailerako tartean. 

 

Lehenengo saioa igande honetan, azaroak 19, 17:30ean udaletxe azpiko herri aretoan

Norentzat da gonbitea?

  • Eskolarentzat, Guraso Elkartearentzat, eskolako guraso eta familientzat, batzorde mistoetan dauden herritarrentza, DBHko ikasleen familientzat.
  • Udal ordezkari eta teknikarientzat, baita haur eta gaztetxoei bideratutako udal zerbitzuak ematen dituztenentzat.
  • Haur eta gaztetxoekin lan egiten duten herriko eragileentzat, edota zeharka bada ere beraientzat erreferente diren eragileentzat
  • Herri mailan gure haur eta gaztetxoen heziketan eragin daitekeela sinetsi eta parte hartzeko prest dagoen edozein herritarrentzat.

Hizkuntza: saioa euskaraz izango da, baina euskaraz ez dakitenentzat aldibereko itzulpena egingo da.

Lanketa honek Foru Aldundiko Herritarren Partaidetza Departamenduaren diru-laguntza du. 

 

Zatoz!!