"Haur eta gaztetxoei hika hitz egitera animatu nahi nituzke hitanoa erabiltzeko ohitura duten zaldibitarrak"

Abenduaren 3an, etzi, Euskararen eguna izango da. Horren bueltan, euskararen gaia ardatz hartuta, hainbat zaldibitarri eginiko elkarrizketa motzak argitaratuko ditugu astean zehar, herritarrek gaiaren inguruan hausnar dezaten. Gaurkoan Larraitz Garmendia Munduatek hartu du hitza.

 

LARRAITZ GARMENDIA MUNDUATE

Zer da zuretzat euskara?

Euskara niretzat da ama-hizkuntza, bizitza, bidea, lanbidea… Eta niretik ale bat eman nahi niokeen baratzea.

 

Euskara Zaldibian osasuntsu dagoela iruditzen al zaizu?

Ikusi dut osasuntsuago. Defentsak “ahultzen” ari ote zaizkion nago… eta horrek kezka handia sortzen dit. Adibidez, herriko gazte/gaztetxoen artean lehen baino dezente gehiago entzuten da erdara, eta horrek askori sortzen digu kezka.

 

Herritarrok zerbait egin al dezakegu euskararen erabilera indartzeko?

Egin dezakegu, noski. Eta egin beharra dugu. Beti esaten dugu tresnak sortu behar direla gaztetxo horiek euskarara erakartzeko, eta bai, hori horrela da. Uste dut horretan ari direla herriko eragile ezberdinak ahalegina egiten, eta euskal kulturaren/jardueren inguruan eskaintza txukuna dugula herrian.

Horrez gain, ordea, uste dut geuk darabilgun euskaraz adierazteko modua egin behar dugula eraginkor, erakargarri, edonori arreta pizteko moduko. Euskara bizia behar dugu, gazteei jolas egiteko aukera emango diena, gertukoa… Eta horretan lan handia egin dezakegula uste dut.

Euskara-modu horretan sartuko nituzke euskalkia (Zaldibiko hizkera), eta bereziki hitanoa. Hitanoa gutxi entzuten da herrian, gero eta gutxiago gazteen artean… eta hori indartu egin behar genuke. Nire ustez hitanoa bada gazteari bere jergan aritzeko aukera ematen dion hizketa-modua, jolas egiteko aukera ematen diona, barre egitekoa, konplizitatea sortzekoa… Eta hori behar du gazteak.

Ardura guztiona da. Eskolak funtzio garrantzitsua du horretan nire ustez; hitanoa menderatzen duten irakasleak baditugu, eta ahalegina egin behar dute gure haurrei hala hitz egiteko. Eta, era berean, aitona-amonak aipatu nahi nituzke. Zaldibiako aitona-amona gehienek menderatzen dute hitanoa, eta erabili ere ia guztiek egingo dute norbaitekin: senideekin ezpada seme-alabekin edo lagunekin. Hala ere, gaur egun gero eta gutxiagok egiten diete beren bilobei hika.

 

Aitona-amonak nabarmentzen dituzu.

Bai, oso garrantzitsua iruditzen zait aitona-amonek egin beharreko transmisio hori. Alde batetik, Zaldibiako heldu/gazte askok galdua dutelako hika egiteko ohitura, eta askok ez duelako inorekin hala egiten. Eta, bestetik, aitona-amona askok ordu dezente egiten dituztelako bilobekin, eta haiek bilobei hika egitea ederra litzateke. Altxor bat ematea litzateke, eta gure haurrek ez dute iturri hoberik hitanotik edateko. Horregatik, haur eta gaztetxoei hika hitz egitera animatu nahi nituzke hitanoa erabiltzeko ohitura duten guraso, heldu eta adinekoak.

 

Zein da gehiena gustatzen zaizun euskarazko hitza?

Ez da erraza bat aukeratzen!

(mu)sua