Gipuzkoako udal gehienek ez dugu finantzatuko errauste planta

Gipuzkoako 50 alkateok  ozen diogu, errauste planta toxikorik ez dugula nahi, ez Gipuzkoan eta ez inon. Eta, beraz, ez dugu errauste plantarik finantzatuko. Ez dugu euro bakar bat ere bideratuko errauste planta eraikitzeko. Gure konpromisoa irmoa da, eta hori gauzatzera goaz.

Dakizuenez, Gipuzkoako instituzioek apustu argia egin dute hondakinen kudeaketari dagokionez. Orain dugun kudeaketa sostenga ezina da. Aurreko agintariek planteatzen zuten eredua agortuta dago: alde batetik, birziklatzeak goia jo du, izan ere, urteak daramatzagu %30eko birziklatze tasaren bueltan, eta, beste alde batetik, zabortegiak gainezka daude eta herritarren gehiengo zabal batek ez du errauste plantarik nahi.

Gainera, errausketak ez du arazoa konpontzen; larriagotu egiten du. Birziklatzea geldiarazi ez ezik, eragin txarra du ingurumenean eta herritarren osasunean. Errauste planta batek sortzen dituen errautsak oso toxikoak dira, oso kaltegarriak, eta, gainera, zabortegi berezietan gorde behar dira . Beraz, batzuk esaten dutenaren aurka, errauste plantak ez du zabortegien arazoa konpontzen, eta, gainera, zabortegi horiek oso-oso arriskutsuak dira.

Egoera hori iraultzeko asmoz, eta erakundeen kudeaketak eskatzen dituen erantzukizunei aurre eginez, hondakinen tratamendua aztertu dugu eta politika berri bat ezartzen hasi gara. Gipuzkoako herrietan zero zabor politikan oinarritutako hondakinen kudeaketa ezartzen hasi da, hots, hondakina zaborra gisa ulertu beharrean, baliabide gisa ulertzen duen ikuspegia.

Hau da, Europak ezartzeko eskatzen digun ikuspegia. Zergatik? Aipatu dugun bezala, hondakinen kudeaketan beste eredu bat posible ez ezik, derrigorrezkoa ere badelako. Betebehar morala eta etikoa da gure ondorengoei gure lurraldea jaso duguna baino hobeto uztea, gure seme-alabei honelako hipoteka bat ez uztea. Gure betebeharra da ingurumena eta herritarren osasuna zaintzea. Eta, gainera, lehengo astean Europako Parlamentuak onartutakoaren ildotik, laster betebehar legala izango da birziklagarria den oro birziklatzea, eta ez erraustea. Eta zenbat da hori? Sortzen dugun zaborraren %15 baino ez.

Usurbilen, Hernanin, Oiartzunen eta Antzuolan erakusten ari dira, atez atekoa bezalako bilketa eraginkorra martxan jarriz, posible dela hondakinen %80tik gora birziklatzea. Eta hori da, beraz, jarraitu beharreko eredua. Eta horretara goaz.

Eta aurrez aipaturiko arrazoi guztiei, arrazoi ekonomikoa gehitu behar zaio ere. Krisi ekonomiko latza bizi dugu. Udaletan arazo ekonomiko garrantzitsuak ditugu gure herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko, eta, beraz, ez dira garaiak dirua xahutzeko, eta, besterik gabe, 500 milioi euro zabortegietara bota, edo 500 milioi euro erretzeko.

Garai ekonomiko latz hauek kudeaketa arduratsua eskatzen dute, dirua xahutzen ez duen kudeaketa, eta, beraz, errausketarik gabeko bestelako hondakinen kudeaketa bat posible denez, ez gaude prest, gure udalak ekonomikoki itota eta urte luzez hipotekatuta utziko dituen azpiegitura bat, hots, Zubietako errauste planta finantziatzera.

Eta, hain zuzen, horixe da gaurkoan gipuzkoarrei helarazi nahi diegun itxaropenezko mezua. Gipuzkoako 50 alkateok, herritarrekin bat eginda, ozen, ezetz diogu, errauste planta toxikorik ez dugula nahi, ez Gipuzkoan eta ez inon. Eta, beraz, ez dugu errauste plantarik finantzatuko. Ez dugu euro bakar bat ere bideratuko errauste planta eraikitzeko. Gure konpromisoa irmoa da, eta hori gauzatzera goaz. Ez dugu herritarren dirurik gure ingurumena kaltetzen duen eta gure seme-alaben osasuna hondatuko duen azpiegitura arriskutsu batean botako.

Guk konpromiso irmoa hartu dugu gure herrietan sortzen den hondakina errauste planta batera ez eramateko. Gu arduratsuak gara, ez ditugu gure lehengaiak, gure baliabide ekonomikoak, denon dirua, alferrik sutara botako.

Etorkizunari begiratzen diogu. Itxaropenez, pozik eta ilusio handiz. Bidea egiten hasi gara, oztopo ulergaitz asko gainditzen, eta, esan bezala, Gipuzkoa zero zabor lurraldea bihurtzeko erabakitasun sendoarekin.

Harro diogu, Gipuzkoa garbi eta osasuntsu bat posible da, beste gizarte eredu bat posible dela erakusten ari gara, giza baloreetan oinarrituta, gutxi batzuen interes ekonomikoak bazterrean utzita. Pertsonengan sinesten dugu.

Horregatik dei egiten diegu gipuzkoar guztiei, hilaren 17an, errausketaren kontra egunaren bezperan, Donostiara hurbil daitezen, Saguesera, eta guztion artean zero errausketa aldarrikatzen duen haize errota erraldoia osatzera. Gu guztiok han izango gara.

Gaur publikoki azaldu den konpromisoarekin bat egiten duten udalak:

Lezo
Zarautz
Zumaia
Tolosa
Pasaia
Usurbil
Donostia
Ordizia
Lasarte-Oria
Beasain
Ataun
Segura
Urretxu
Legorreta
Azpeitia
Zizurkil
Anoeta
Getaria
Villabona
Orio
Aduna
Hernani
Oiartzunen
Astigarraga
Andoain
Orereta
Berastegi
Ibarra
Irura
Berrobi
Alegia
Ikaztegieta
Orexa
Gaztelu
Deba
Mutriku
Arrasate
Oñati
Bergara
Aretxabaleta
Antzuola
Azkoitia
Bidegoian
Legazpi
Zaldibia
Lazkao
Mendaro
Altzo
Elduain
Zestoa

LOTURAK:

Zaldibian ondO egirera goaZZ

Zaldibian Arazo bat dugu hondakinekin.