FESTAK 2026: Mozorro Eguneko Arroz Bazkari Herrikoian izena emateko epea ireki da

Irailaren 10era bitartean eman daiteke izena Mozorro Eguneko Arroz bazkarian, albistearen behekaldean dagoen galdetegia beteta. Bestalde, Kuadrilla Eguneko bazkarirako txartelak irailaren 14tik 27ra bitartean jarriko dira salgai herriko tabernetan, eta aurten berrikuntza gisa, Haur eta Gaztetxoen Bazkaria ere antolatuko da. 

 

Herriko Jaiak ate joka dira, eta atzo egin zen festa batzordearen 3. bilera, Karreane kultur etxean. Herriko hainbat eragiletako ordezkariek eta norbanakoek parte hartu zuten hitzorduan, eta behin betiko egitaraua zehazteaz gain, hainbat ekitaldietako antolaketa nola egingo den definitu zen. Izan ere, badira aurretiko izen-ematea eskatzen duten herri bazkariak. Egitaraua aurrerago zabalduko bada ere, hona hemen izen-emate epeen inguruko informazioa:

MOZORRO EGUNEKO ARROZ BAZKARIA 

Mozorro Eguneko Arroz Bazkaria urriaren 3an izango da. Bertan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete gaurtik irailaren 10era bitartean, albistearen behekaldean dagoen galdetegia beteta. Iaz erantzun ona izan zuela ikusita, aurtengoan ere Arroz Bazkariko antolaketa lanak kuadrillen artean banatzea erabaki da. Horretarako hainbat funtzio zehaztu dira, eta izena ematen duten kuadrillen artean zozketa egingo da ardurak banatzeko. Talde guztiek izango dute zereginen bat eta izena ematerakoan taldeko arduradunaren izena eta kontaktua zehaztu behar da, zereginen banaketa egiteko.

Arroz Bazkariaren ordutegia:

- 11:00etan. Mahaien eta aulkien muntaketa eta sukaldearen muntaketa.

- 13:00etan hasita. Mozorrotuen bilkura eta argazki gunea.

- 14:30ean. Arroz Bazkari Herrikoia.

- Bazkaloste girotua. Taldeek aukera izango dute euren mozorroak erakusteko eta sariak izango dira.

- Bukatutakoan. Jasoketa lana eta festaren jarraipena elektrotxaranga eta kontzertuarekin.

 

Antolakuntzak eskuragai jarriko duen materiala:

  • Mahaiak (sukaldatzeko eta jateko)
  • Aulkiak
  • Su-egiturak eta bonbonak (kopuru mugatua dago, norberak izanez gero ekartzea eskertuko da)
  • Sagardoa txotxetik
  • Edalontziak
  • Garbiketarako tresnak eta hondakinak sailkatzeko bitartekoak

 

Norberak ekarri behar dituenak:

  • Platerak eta kubiertoak (Udalak ez du hainbeste jenderentzako baliabiderik. Hondakin ahalik eta gutxien sortzea eskatzen da, ahal dela etxekoak/berrerabilgarriak erabiliz).
  • Elikagaiak
  • Postrea eta ondorengoak
  • Sukaldatzeko tresnak: kazuelak, labanak...
  • Oharra: bazkaria etxetik prestatuta ere ekarri daiteke.

Nola eman izena?

Arroz Bazkari Herrikoian izena emateko epea zabalik izango da irailaren 10era arte (egun hori barne). Horretarako azpian dagoen galdetegia bete daiteke edo Karreane kultur etxean izena eman.

 

KUADRILLA EGUNEKO BAZKARIA 

Kuadrilla Eguna urriaren 10ean ospatuko da eta HERRI BAZKARIKO TXARTELAK salgai jarriko dira irailaren 14tik  27ra herriko tabernetan. Biziola elkarteak eskainiko du aurtengoan bazkaria, eta kuadrilla bakoitzak arduradun bat edo bi (talde bakoitzeko lagun kopuruaren arabera) izendatu beharko ditu egunean bertan ontziak sukalde gunetik mahaira eraman eta bertan zerbitzatzeko. Menuaren prezioa: Landunak 20€ eta Langabeak eta ikasleak 15€.

Menua:

  • Entsalada
  • Barazki eta oilasko paella
  • Postrea: limoi krema
  • Ogia
  • Edaria (alkoholik gabea) Ura
  • Edaria (alkoholduna) Sagardoa, Ardo Txuria, Ardo Beltza
  • Kafea eta pastak

Oharra: Norbaitek intolerantzia edo alergiarik badu, Karreane Kultur Etxean jakinarazi beharko du irailaren 28a baino lehen.

 

HAUR ETA GAZTETXOEN BAZKARIA

Berrikuntza gisa, urriaren 2an, ostiralean, HAUR ETA GAZTETXOEN BAZKARIA egingo da, LH1etik DBH2ra artekoentzat. Izen-ematea Guraso Elkarteak guraso taldeen bidez kudeatuko du eta DBHkoena Gaztelekutik. Izen-emateko azken eguna irailaren 21a izango da.

 

HERRIKO JAIAK 2026: ARROZ BAZKARI HERRIKOIA

Urriaren 3an, larunbatean, egingo da Arroz Bazkari Herrikoia, Zaldibiako Jaien baitan. Izena emateko galdetegia hau bete behar dute kuadrillek, eta taldeko ordezkari baten datuak zehaztu behar dira bertan. Izen-ematea zabalik izango da irailaren 10era bitartean.