Euskararen inguruko bizipenak partekatu dituzte zaldibitarrek Euskararen Egunean

Astearte iluntzean, euskara ardatz hartuta mahai-ingurua egin zen udaletxeko areto nagusian, eta zaldibitarrak izan ziren protagonista. Hizlariak izan ziren Bittor Gartzia, Susana Lopez, Raquel Andres, Aianara Nazabal eta Lardizabal Eskolako ordezkari Igone Eskisabel eta Ustaritz Ormaetxea. Hala, entzule gisa bertaratu zirenek aukera izan zuten euskararen inguruko bizipenak entzuteko eta gaiaren inguruan hausnartzeko.

 

Abenduaren 3an, asteartean, Euskararen Nazioarteko Eguna izan zen, eta Zaldibiak euskararekin duen konpromisoa aldarrikatzeko hainbat ekimen antolatu ziren herrian. Alde batetik, eguerdian, Lardizabal Herri Eskolak antolatuta kantu-jira egin zen plazan, eta ikasle, irakasle, guraso eta herritarrek kantuan zabaldu zuten euskararen aldeko aldarria. Iluntzean, bestetik, Esperientziak partekatzen izenburupean mahai-ingurua egin zen udaletxeko areto nagusian, herrian euskararen bueltan egiten den lana ikusarazteko eta aitortzeko asmoz.

Mahai-inguruaren lehen zatiak elkarrizketa formatua izan zuen eta hizkuntzaren inguruan aritu ziren hizketan Bittor Gartzia, Susana Lopez, Raquel Andres, Ainara Nazabal eta Lardizabal Eskolako ordezkari Igone Eskisabel eta Ustaritz Ormaetxea. Euskararen inguruko bizipenak kontatu zituzten herritar horiek, hizkuntzarekin izandako esperientziak.

Bittor Garciak, esaterako, 19 urterekin erabaki zuen euskara ikasten hastea.  Bilboko ezkerraldean igaro zuen haurtzaroa “inguru erabat erdaldunean”. “Portugaleteko lagun taldean gehienok ginen Francoren garaian Euskal Herrira lanera etorritakoen seme-alabak, eta euskararekin oso harreman gutxi izan genuen. 19 urterekin, ordea, AEK euskaltegian euskara ikasten hastea erabaki nuen, gure jaioterriaren hizkuntzari eta kulturari zor genion errespetuagatik”, azaldu zuen mahai inguruan. 1992ko udan, 21 urte zituenean, etorri zen Bittor lehen aldiz Zaldibiara, barnetegian euskara ikastera. Aitortu zuen hasieran talka kultural handia sentitu zuela; “beste Euskal Herri bat” ezagutu zuen, bere jaioterriarekin alderatuta guztiz desberdina. “Guk euskaltegian euskara batua ikasten genuen, eta hasieran ez nuen ulertzen hemengo hizkera”. Pixkanaka joan zen euskara bereganatzen, eta ordutik euskaraz eraiki du bizimodua. “Euskarak mundua ulertzeko beste ikuspegi bat eskaini dit. Nire ustez euskara ikastea ez da soilik gramatika eta hiztegia lantzea, askoz sakonagoa da, mundu ikuskera berria eskaintzen duelako. Bitan banatzen dut nire bizitza: euskara ikasi aurretik eta ondoren. Zaldibian zortea dugu, euskaraz bizi gaitezkelako, baina Portugaleten oso zaila da hori. Tristea da esatea, baina nire inguruan euskaraz bizitzea erabaki dugun guztiok jaioterria utzi dugu eremu euskaldunagotan bizitzeko".

Susana Lopezen eta Raquel Andrésen ama-hizkuntza katalana da. Kataluniakoa da Susana eta Herrialde Valentziarrekoa Raquel, eta biek ala biek "behar-beharrezkoa" ikusi zuten euskaraz ikastea Euskal Herrian bizitzeko. “Gure ama-hizkuntza ere hizkuntza gutxitua da, eta horrek sentsibilitate berezia eskaintzen digu”, aitortu zuten. Susana 2002an hasi zen Zaldibiara oporretara etortzen eta 2017an erabaki zuen bertan bizitzen geratzea; horretarako zortzi hilabetez barnetegi batean euskara ikasten aritu zen. Raquel, berriz, 2022an iritsi zen Euskal Herrira; euskara, ordea, ez zen arrotza berarentzat, dagoeneko jaioterrian euskara ikasten hasia baitzen. Susanaren esanetan, “Euskara ikasteko prozesua oso luzea izaten da, gora-beherez, akatsez eta lotsez betea, baina ematen den pausu bakoitza garaipen gisa bizi dugu, ilusio handiarekin”. Raquelek, gainera, ikasketa prozesuan euskal hiztunen artean bizitzearen garrantzia azpimarratu zuen. “Ni Valentzian hasi nintzen euskara ikasten. Gehienez astean lau orduz jarduten ginen euskaraz, eta ikasgelatik ateratakoan bizimodua katalanez edo gaztelaniaz egiten genuen”. Zaldibian bizitzeak, ordea, eman die aukera euskal komunitatean murgiltzeko eta euskaraz bizitzeko, eta uste dute hori "funtsezkoa" dela hizkuntza bat barneratzeko. Horregatik,  herritarrek eurekin euskaraz egitearen garrantzia azpimarratu zuten mahai-inguruan.

Ainara Nazabal zaldibitarra da, euskaldun zaharra, eta Irra Ndiaye senegaldarrarekin familia osatu du herrian. “Irra 2015ean iritsi zen Zaldibiara, eta AEKn euskara klaseak hartzen aritu zen bi urtez. Gaur egun batik bat euskaraz hitz egiten dugu etxean. Irrak ia dena ulertzen du, eta euskaraz hitz egiten ere nahiko ondo moldatzen da”. Euren etxeko hizkuntza euskara bada ere, batzuetan lekuz kanpo dauden komentarioak entzun behar izan dituela aitortu zuen, Zer ondo hitz egiten dute haur hauek euskaraz! modukoak. “Horrelakoak umeen aurrean esan izan dizkidate, eta kezka sortzen didate, ez nuke nahi beraiek desberdinak sentitzerik. Euskaldunak dira, zaldibitarrak, eta inork ezin du hori zalantzan jarri. Beraien identitatea askatasunez eraiki behar dute, aurreiritzirik gabe”, aldarrikatu zuen mahai-inguruan.

Ainarak aurreratu zuen moduan, gaur egun jatorri desberdinetako familiak bizi dira Zaldibian, eta horiek euskarara gerturatzeko lanketa garrantzitsua egiten ari dira Lardizabal Herri Eskolan. Euskara eta Kulturartekotasuna proiektua dute abian, eta euskaraz bizitzen jarraitzea eta aldi berean haur eta familia guztiak eskolako partaide sentitzea dute helburu. Horretarako, azken ikasturteetan hainbat ekimen jarri dituzte martxan: itzulpen sistemak, gurasoen arteko harremanak sustatzen dituzten bilera ereduak… Gainera, euskal jatorririk ez duten familietako haurrak desberdinak sentitu ez daitezen formazioa ere jasotzen dute irakasleek. “Saiatzen gara xehetasun txikietan arreta jartzen, haurren izenak ondo esaten edo Nongoa zara? moduko galderak ez egiten”, azaldu zuten Igonek eta Ustaritzek. Hala, feminismoa eta hezkidetza zaintzeko betaurreko moreak erabiltzen diren bezala, "euskara eta kulturartekotasunaren betaurrekoak ere beti erabili" behar direla ere uste dute Lardizabal eskolako bi ordezkariek. Argi dute: “Herriko haur guztiak zaldibitarrak dira, gurasoen jatorria edozein dela ere”.

 

Euskara Mahaia

Mahai-inguruaren bigarren zatian hausnarketarako tartea ireki zen, eta bertaratu ziren herritarrek aukera izan zuten iritziak elkarbanatzeko. Euskararen Eguna aitzakia izan zen gaiaz gogoeta egiteko, baina argi geratu zen alderdi askotatik eragin beharra dagoela. Euskalgintzaren Kontseiluak, hain zuzen ere, Euskararen Egunaren harira egindako adierazpenean jakinarazi zuen  "euskararen biziberritzean eta normalizazio prozesuan azken hamarkadetako susperraldia eten egin" dela, eta "euskara eta hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan" gaudela. Atzeraldi egoera horretan, euskaldunak "aktibatzea" behar-beharrezkoa dela uste dute euskalgintzako eragileek, eta bide horretan urratsa eman eta Euskara Mahaia sortu da Zaldibian. Hilero biltzen hasiko da Euskara Mahaia, hileko bigarren asteazkenetan 18:00etatik 19:00etara, Karreanen. Hurrengo bilera abenduaren 11n izango da, eta gaiarekin interesa duten herritar guztiak gonbidatuta daude bertan parte hartzera.