Euskararekin bat lelopean, elkarretaratzea larunbatean

Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota ditu VOXen eskariz EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak. Epaiaren larritasuna ikusita, UEMAko gainontzeko kideek bezala, Zaldibiako Udalak dei egiten die herritarrei epaia salatu eta euskaldunon eskubideen alde egingo den elkarretaratzean parte hartzera. Larunbat honetan, uztailaren 19an, 12:00etan Zaldibiako udaletxe aurrean.

 

EGUNA: uztailak 19, larunbata

ORDUA: 12:00etan

LEKUA: Zaldibiako udaletxe aurrean 

 

Eskuin muturreko Vox alderdi espainiarraren eskariz, EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ditu Espainiako Auzitegi Gorenak ere.

Larria da epaia, eta batez ere udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten die.

Horregatik, UEMAren zuzendaritza batzordeak agerraldia egin du gaur eguerdian hedabideen aurrean, UEMAren izenean adierazpena irakurtzeko.

Horrekin batera, UEMAko kide diren 118 udalei dei egin die, epai hau salatzera eta euskaldunon eskubideen alde egitera kalera atera daitezen, Euskararekin bat lelopean, udaletxeen aurrean elkarretaratzeak eginez, larunbat honetan, uztailaren 19an, 12:00etan.

UEMAk deialdi horiekin bat egitera deitzen ditu udalak, euskalgintzako eragileak eta herritarrak.

Epaiaren larritasunak merezi du kalera ateratzea, gure eskubideen defentsan. UEMAren adierazpena eta gaurko agerraldiari buruzko informazio guztia ikusgai duzue HEMEN, Udalerri Euskaldunen MAnkomunitatearen atarian.