Iaz haurreskolako plaken instalazioa egin ondoren, 2022an udaletxeko teilatuari heltzea aurreikusi zen. Udaberrian proiektua aztertu eta idatzi zuen Goiener Taldeak eta udaran deialdi irekia egin ondoren, ebatzi da nork egingo dituen lanak. 20 kWko instalazioa (56 plaka) jarriko dira teilatuko hegal batean eta bertan sortutako energia autokontsumo-partekatu sistemaren bidez Udaletxeko, Beti Gazte tabernako eta Itoitz Etxeko (Mediku-etxe-gaztetxea) hornidurarako erabiliko da. Jarraitu irakurtzen.
Pauso honekin sakontzen goaz energia burujabetzaren bidean. Udaletxeko instalazioa egiteko lanak egiteko bi enpresek aurkeztutako proposamenak aztertu ditu horretarako eratutako kontratazio mahaiak eta 2022ko irailaren 14an egindako bileran Tapia instalazio elektrikoak S.L.ri esleitzea proposatu du. Lanak 30.470,63€an egingo dira, ejekuzio epea 20 egunekoa izatea estimatu da eta enpresak 5 urteko berme epea eskaini du. Lan hauek egiteko energia berriztagarrien erabilera eta aurrezpen zein eraginkortasun energetikoa toki mailan bultzatzeko Foru Aldundiko diru laguntza lortu da (13.483,00€) eta beste laguntza deialdi batzuen ebazpenaren zain dago Udala.
20kW-ko instalazio honekin Udaletxeko, Beti Gazte Tabernako eta Itoitz Etxeko argi-hornidura elikatuko da eta hala, bertako kontsumoaren ehuneko 20a batez-beste bertan sortuko dela kalkulatu da, urtean 25.712 kilowatt/orduko ekoitziz. Estimatu da sortuko den energiaren %62 auto-kontsumituko dela udaletxeko eta Itoitz etxeko azpiegituretan. Lanak urri amaierarako eginda izatea aurreikusten da.
Haurreskolako teilatuan ere jarri ziren plakak iaz
2021ean haurreskolako teilatuan egin zen antzeko instalazioa, dagoeneko martxan dagoena. Kasu honetan, 30kW-ko instalazioa egin zen eta 8 udal azpiegitura hornitzen ditu autokontsumo partekatu bidez. HEMEN egin daiteke plakek sortzen duten energiaren jarraipena.
Instalazio honek urteko sorkuntza estimatua 40.600 kilowatt /ordukoa du, eta autokontsumo tasa sorkuntzarekiko %66. 8 udal eraikinek daukaten kontsumoarekiko autokontsumo tasa %30ekoa da, eta oraindik balantzea egiteko goiz bada ere, datuak biltzen ari da Udala, ondoren herritarrei azaltzeko.
Urtea amaierarako karga puntu elektrikoak eta energia auditoretza
Aurtengo lanak ez dira instalazio honekin amaituko. Izan ere, 2022a amaitzerako erronka gehiago ere baditu abian udalak: kale-langile taldearentzat ibilgailu-elektrikoaren esleipena egina dago, herriko kale argiteria eta eraikin publikoen energia auditoretza lanak abian dira Nazertek aholkularitzaren eskutik, eta laster bi karga puntu elektriko jarriko dira, bata eskolako aparkalekuan erabilera publikorako eta bestea Artxanberriko udal biltegi barruan.