Eskolan berrikuntza lanak egin dira ikasturte berriari begira

Udarako geldialdia aprobetxatuz, urtero egin ohi dira hainbat berrikuntza lan. Aurten batik bat Lehen Hezkuntzako ikasgeletan esku hartu da, zorua aldatuz eta margoketa lanak eginez. Ikasturte berriak erronka gehigarriak dakarzkigu, espazioz txiki geratu den eskolan behin-behineko modulu gehigarri bat jarriko baita udazkenean zehar eta egungo eraikinari lotuko zaion eraikin berriaren proiektua landuko baita. 

 

IKAS-EREMUAK HOBETZEN KURTSO BERRIA HASTEKO

Aurtengo udan Lardizabal Eskolaren eraikineko eskuin hegaleko 7 ikasgeletan egin dira hobekuntza lanak, zoruan egur itxurako PVCzko biniloa jarriz, eta hormak zuriz margotuz. Lan hauek segida eman diete urtez urte udarako etenaldia probestuz eta eskolarekin adostuta egiten diren esku hartzeei, eta egin den inbertsioaren zati bat Hezkuntza Sailaren Udaleraiki laguntzarekin estali da, gainontzekoa Udalaren gain izan delarik. 

 

ERRONKA HANDIAK IKASTURTE HONETAN

Ikasturte honetan herriko hezkuntza espazioen gainean lanketa sakona egingo da. 

  • Lardizabal Eskola: eraikina txiki, etorkizuna oparo

Lardizabal Herri Eskolako Organo Gorenaren eta Hezkuntza Komunitatearen babes eta izenean, azken hilabeteetan Gipuzkoako Hezkuntza Ordezkaritzarekin batera lanketa egiten ari gara, Lardizabal Eskolan dugun espazio falta larriari erantzun eta kalitatezko hezkuntza eremuak egokitzeko. 

Hala, presazko eta behin-behineko neurri gisa, modulu aurrefabrikatuak jarri ziren eskola ondoan, 2024/2025 ikasturterako 2 ikasgela hain zuzen. 2025/2026rako beste 2 ikasgela hartuko dituen modulu handi bat jarriko da udazkenean. Horrela eta eskolako metodologiari jarraiki, LHko 5. eta 6. mailako 4 ikas-taldeak kokatuko dira ikasgela hauetan. Neurri honekin, eraikin berria egin arteko espazio beharrei erantzuna emango zaiela baloratu da.

Eraikin berriari dagokionez, Hezkuntza Sailak bi lerroko ikastetxeen programa oinarri izanik, egungo eraikinari lotuko zaion eraikin berria eraikitzeko lanak aurreikusi ditu. Gainera, egungo eraikinak ere baditu egokitzapen beharrak, egiturazkoak (berotze-aireztatze sistema, ikasgela-bulego-biltegi falta...) eta baita espazioak eskolako hezkuntza metodologiara eta pedadogiara egokitzeko egin beharreko moldaketak ere. Bi eraikinen inguruko oinarriak landu eta arkitektura pedagogikoaren markoa zehazteko, hezkuntza espazioen lanketan adituak diren NONDIK arkitektura taldea kontratatu du Zaldibiako Udalak  Lardizabal Eskolako zuzendaritzarekin adostuta. Irailean hasiko dira lanketarekin eta aurreikuspena da 2026ko martxorako prozesua amaitzea, emaitza gisa plan gidari bat osatuko delarik bi eraikinen egokitze/eraikitze oinarriak jasoko dituena. 

  • Haurreskola eta jangela, behin-betiko konponbidera bidean 

Estanko Eraikina eskuratu du Udalak eta bertako lehen solairua eta terraza eremuan kokatuko da Haurreskola berria. "Beste" arkitektura agentziak eskuratu du Estanko eraikinaren proiektua idazteko eta obrak zuzentzeko lana eta lehen zirriborroen gainean lanean ari gara eraikinak hartuko dituen zerbitzu ezberdinetako langile eta arduradunekin. Horrela, behin-behineko moduan jarri ziren moduluetatik plazan kokatutako eraikinera pasako da Haurreskola. 

Bestetik, eraikinaren behe solairuan Lardizabal Eskolako jangela zerbitzua eskaintzeko gunea eraikiko da.