Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi dute apirilaren 1etik aurrera UEMAk eta hainbat erakunde publikok, elkarlanean. Iaz errenta aitorpena egin zuten zaldibitarren %54k egin zuen euskaraz aurreko urteetako datuei eutsiz, eta euskal hiztunak askoz gehiago izanik, datu hau hobetzera animatu nahi dira herritarrak.
2024ko ekitaldiko errenta eta ondarea aitortzeko kanpainari ekingo diote Hego Euskal Herriko foru ogasunek apirilarekin batera. Horiekin bat eginez, UEMAk, bertako kide diren udalekin eta foru ogasunekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiaraziko du aurten ere, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian. Errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua urtez urte gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik, eta horretan eragin nahi dute aurten ere UEMAk eta udalek, herritarrei administrazioarekin ere euskaraz aritzeko deia eginez.
Araban eta Nafarroan apirilaren 8an hasiko da errenta aitortzeko epea. Gipuzkoan apirilaren 8an eta Bizkaian apirilaren 10ean, autolikidazio proposamenak eta internet bidezkoak egun batzuk lehenago egin daitezkeen arren tokian tokiko ogasunen egutegiaren arabera. Guztietan, ekainaren amaiera aldera arte egin ahal izango dira aitorpenak.
Alde handiak lurralde batetik bestera
UEMAk, ohi bezala, udalekin eta hainbat erakunde publikorekin elkarlanean bideratzen du errenta euskaraz egiteko kanpaina, eta foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak moldatzen du bere beharren arabera. Mezu orokorra berbera da kasu guztietan, baina foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak bere errealitate soziolinguistikoaren arabera moldatzen du kanpaina eta mezua.
Gipuzkoan, aurten ere, Ogasunarekin euskaraz leloa erabiliko du aldundiak, eta UEMAk ere halaxe gehituko du Gipuzkoako udaletara zabaldutako euskarri guztietan.
Egoera soziolinguistikoa, ordea, ez da herritarren joera erakusten duen aldagai bakarra. Batzuetan alde handia dago euskaldun indizearen eta errenta euskaraz egiten dutenen artean. Dena dela, udalerririk euskaldunenetan egiten dira aitorpen gehien euskaraz, zenbakiak eta ehunekoak oso aldakorrak diren arren lurralde batetik bestera.
Gipuzkoan, esaterako, Zerain (%72), Orexa (%67), Ataun eta Baliarrain (%62), Amezketa (%60) dira iaz euskaraz errenta aitorpen gehien egin zituzten herriak, ehunekoetan.
Zaldibian iaz errenta aitorpea egin zuten herritarren % 54k egin zuten euskaraz (2020an % 53k, 2021ean % 55ek eta 2022an % 55,3k).
Nola eman pausoa euskarara?