Errenta aitorpena eta Osasun-arreta, EUSKARAZ

Urtero bezala Zaldibiako Udalak eta UEMAk herritarrei dei egiten die gaur hasi den Errenta Aitorpen kanpainan euskararen aldeko hautua egiteko. Osakidetzan ere, osasun arretarako hizkuntza hautua egin daiteke. Euskaraz badakizu, hautatu euskara!

 

2022ko errenta aitorpena egiteko garaia iritsi da, eta, urtero bezala, aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu dute Uemako udalerriek, tartean, baita Zaldibiako Udalak ere, herritarren eta administrazioaren arteko harremanak euskaraz izan daitezen. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bat egin du kanpainarekin, Ogasunarekin, euskaraz lelopean.

Iazko Errenta Aitorpen kanpainako datuei erreparatzen badiegu, Zaldibian guztira 836 aitorpen egin ziren, horietatik 456 euskaraz (%54,55) eta 380 gaztelaniaz. 

Udalak herritarrak animatu nahi ditu Ogasunarekin euskaraz egitera. Oso erraza da:

  • Aitorpena errenta mekanizatuko bulegoan egiten baduzu, eskatu hango langileari eta berehala aldatuko dizu.
  • Interneteko Zergabidea plataforman egiten baduzu, zerorrek aldatu behar duzu: Datu pertsonalak > Administrazioarekin harremana izateko hizkuntza > Euskara.
  • Gestorian egiten baduzu, eskatu gestoreari aldatu egin nahi duzula.
  • Azkenik, herritarren gehiengo handi batek autolikidazio-proposamena jasotzen du gaur egun. Autolikidazioa onartzerakoan (telefonoz deituta edo internet bidez), euskaraz nahi duzula esaten baduzu, hortik aurrera hala etorriko zaizkizu Ogasunarekiko komunikazioak, zuk besterik erabaki arte.

Osakidetzarekin ere, hautatu euskara:

Osasun arreta jasotzerakoan gure hizkuntza hautua erregistratzeko aukera dugu Osakidetzan. Zaldibiako kasuan 1.507 herritarretik 1.071k EUSKARA aukeratu dute, 396k gaztelania eta 40 lagunek ez dute oraindik erregistratuta beraien aukera. Osasun arreta euskaraz jasotzeko lanean duen garrantzia ikusirik, euskararen aldeko hautua egitera animatzen ditugu herritarrak.