Ostegunean gure bizilagun batek Errekabeltzen jasandako erasoaren harira, honako adierazpena onartu du Zaldibiako udal gobernuak.
Zaldibiako Udal Gobernuaren Adierazpena
Abuztuaren 22an Errekabeltzeko langan aparkatuta zegoen zaldibiar baten autoari eraso diote lau gurpilak hustuz, hartarako lau balbulak moztuta. Gainera, herritar hauek larrialdi bat izan eta autoaren beharrean aurkituta, ezin izan dute hura erabili. Handik pasatu zen artzain baten laguntzaz jaitsi ahal izan zuten azkenean Beasaingo larrialdietara.
Argi adierazi nahi dugu ez halako erasoek, ez eta haien erantzuleek, ez dutela lekurik gure herrian.
Eraso hau pertsonala izateaz gain, politikoa ere bada. Pertsona honek eta bere ingurukoek publikoki adierazi izan dute Aralarren pistak egitearen aurkako eta Natur Parkearen kontserbazioaren aldeko jarrera, eta lehenago ere jasan izan dituzte erasoak. Eztabaida publikoan hamarkadak daramatzan gai honen aurrean, iritziak iritzi, herritarrek askatasunez eta inori kalterik eragin gabe iritzia emateko eskubidea defendatzen dugu.
Eraso honen helburua, kalte pertsonala eragiteaz gain, iritziak libreki eta askatasunez emateko guztiok dugun eskubidea mugatu eta beldurra zabaltzea bada, are eta salagarriagoa da eraso hori.
Beraz, Zaldibiako udal gobernuak gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu erasoa eta bere ondorioak jasan dituzten herritarrei. Eta herritar guztiei ardura eta errespetua eskatzen dizkiegu, bai elkarren arteko harremanetan, baita eztabaida politiko-publikoen aurrean ere.
Zaldibian, 2024ko abuztuaren 24an
Zaldibiako Udal Gobernua