Elurra datorrenerako prest

Urtero gogorarazi ohi ditugu elur egunetarako jarraibideak neguan murgildu ahala. Aurtengoan, gainera, berrikuntza batzuk ere gehitu zaizkio: Zuhaztiko Joxe Mariri erreleboa hartuta, Aimar Garmendia Sukia herritarra arduratuko da baserri-bideak garbitzeaz eta horretarako, elurra kentzeko palaz gain, gatza banatzeko makina berria ere izango du eskura. Xehetasun guztiak jarraian. 

 

Duela hamarkada batzuk elurte handiagoak egiten bazituen ere neguan, oraindik izaten dira tarteka halakoak gurean. Urtero argitaratzen ditugu elur egunetarako jarraibideak udaletik, herritarrek kontuan izateko modukoak direlakoan. Jarraibide hauen artean hainbat gomendio ematen dira elurra iragartzen dutenerako eta aste-egun edo asteburu, herrigunean edo baserri bideetan nola jardungo den zehazten da.

Hala, herri-guneari dagokionez, aste egunez udal langileak saiatuko dira ahal den neurrian bide eta espaloiak garbitzen, betiere eguraldi baldintzen arabera eta gune batzuei (eskola, mediku-etxea…) lehentasuna emanaz. Asteburuetan bide nagusiak garbituko badira ere, ez da orokorrean bestelako kale garbiketarik egingo. 

Baserri bideei dagokionez, berriz, aste zein asteburu bideak garbitzeko agindua emango zaio Udalak horretarako hitzartuta duen langileari. Urte askoan Zuhazti baserriko Joxe Marik bete du lan hau, baina aurten hasita Aizporragako Aimarrek hartuko dio erreleboa. Bideak garbitzeko, bere traktoreari lotuko dizkio udal elur-pala eta aurten erosi berri den gatza banatzeko makina. Berri Lantegiari erosi zaio makina, 11,828.56€ + BEZ ordainduta. 

Garbiketarako auzoen ordena zehaztuta dator jarraibideetan eta kasu berezietan edo larrialdietan eskatzen zaie herritarrei zuzenean langileari deika ez hasteko. Udalera deitu behar da halako kasuetan, jai eguna izanda ere (943 88 03 57) eta bertatik kudeatuko da eskaera momentuan bertan. 

Gatz zakuak ere utziko dira behar duenak hartzeko Artxanberriko Udal biltegiaren ate ondoan eta Bilore ondoko lokalean. Kontuan izan gatzak kalte handia sortzen duela zoruan eta ingurunean, beraz, tentuz, neurriz eta arduraz erabili behar dela.

 

Hemen "Neguarekin Elurra 2022" jarraibide osoa:

Elurrak bidean eragozpenak eta arriskuak eragiten dituela jakina da eta guk, gure zerbitzuen arabera, saiakera egingo dugu kale eta baserri bideetako elurrak kentzen.

ASTEGUNETAN: (astelehenetik ostiralera)

Udal langileak saiatuko dira ahal den neurrian bide eta espaloiak garbi edukitzeaz, betiere eguraldi baldintzen arabera eta gune batzuei (eskola, mediku-etxea…) lehentasuna emanaz.

Baserri bideei dagokionez, bideak garbitzeko agindua emango zaio Udalak horretarako hitzartuta duen langileari. Baserrietan bizi zareten herritarrei eskatzen dizuegu zuzenean langileari deika ez hasteko. Udalera deitu (943 88 03 57) eta bertatik kudeatuko da zuen eskaera eta egoera.

Honakoa izango da bideak garbitzeko ordena, orokorrean:

  1. Egileor auzoa, Ausoegitik behera
  2. Urtsu-Erreka auzoa
  3. Urreta auzoa, Urtsularretik behera
  4. Olaeta auzoa: Igartzaeta, Goizane…
  5. Arruegi auzoa, Arrutik behera
  6. Urtesabel auzoa, Aldautik hasita
  7. Elbarrena auzoa
  8. Miranda eta Okobio
  9. Aiestaran-Erreka auzoa

Bestalde gatza utziko da behar duenak hartzeko Artxanberriko Udal biltegiaren ate ondoan eta Bilore ondoko lokalean. Kontuan izan gatzak kalte handia sortzen duela zoruan eta ingurunean, beraz, tentuz, neurriz eta arduraz erabili behar dela.

ASTEBURUETAN (larunbat, igande eta jaiegunetan)

Orokorrean udal langileek ez dute kale garbiketarik egingo. Herriko bide nagusiak eta baserri bideak garbituko dira, lehenago aipatutako ordenaren arabera eta larrialdiei lehentasuna emanez. Larrialdi hauen berri emateko Udaleko telefonora deitu behar da asteburua izan arren, bertatik kudeatuko da eskaera.

Bestelako larrialdietan gogoratu 112 telefonora deitu behar dela.

Protokoloa hau izango da orokorrean, baina eguraldi baldintzen arabera Udalak beharrezko moldaketak egingo ditu, kasuan kasu. Herritarrei honako eskaerak egiten dizkizuegu:

  • Elurra denean, pazientzia izan eta tentuz ibili bai oinez, bai motordun ibilgailuekin ere.
  •  Batzuetan ezustean zuritzen badu ere, normalean aurrez iragarrita izaten dugu elurra gaur egun. Horregatik, iragarpen hauek kontua hartu eta bezperatik aurreikuspenak egitea komeni da. Ibilgailu motorduna behar izatekotan hauek bide nagusietatik gertu dauden lekuetan uztea gomendatzen da, baita garraio publikoa erabiltzea ere.
  • Ahal den neurrian, elurra dugun egunetan eguneroko erritmoa jaitsi eta patxadatik hartzeko deia egiten dugu, baita udal langileei lagunduz segurtasunez ibiltzeko gutxieneko bideak garbitzen esku bat botatzekoa ere.
  • Baserri bideen kasuan, ez deitu zuzenean langileari. Udaletxeko telefonora deitu, berdin aste zein asteburu.

 

Bukatzeko, aipamen berezia egin nahi diogu Joxe Mariri eskertuaz herriari eman dion zerbitzua eta Aimarri ere bai erreleboa hartzeagatik. Eskerrik asko bioi!