Egoeraren inguruan Zaldibiako Alkatearen balorazioa

Gaur arratsaldean ondorengo adierazpenak egin ditu EITBko kamaren aurrean. Zaldibian koronabirus gaitzaren zabalpenaren harira atzo egindako balorazioa berretsiz.

Hasteko esan nahi dugu nahiz eta denbora askoan herrian kutsaturik ez den detektatu, orain agertzen ari diren datuak eskualdeko datuen parekoak direla.

Era berean, koronabirusarekin topo egin duten herritarrek emandako informazioari esker Udalak gaitzak herrian gaur egun duen zabalpena eta bilakaeraren inguruko argazkia osatu ahal izan du eta esan dezakegu kasuak detektatu eta isolatuta daudela, pertsona hauek osasun arazo larririk gabe daude momentuz.

Zaldibiako kasuan familia eta gertueneko harremanak izan dira gaitza zabaldu den eremua. Beraz, herritarrei dei egiten diegu eremu hauetan ere ohiko prebentzio neurriak zorrozteko. Gaitzaren zabalpen eremuari buruz ditugun datuak kontutan hartuta, Udalak egun indarrean dituen neurriak mantenduko ditu, momentuz gehitu gabe.

Zaldibiako Udala egunotan herritar hauen egoerari jarraipena egiten, elikagaiak dituztela bermatzen eta hondakinen bilketa berezitua egiten ari da eta gogorarazi nahi dugu guzti honetarako beharrezkoa dugula positibo eman duten edo berrogeialdian dauden herritarrak Udalarekin harremanetan jartzea.

Hainbat komunikabidetan plazaraturikoa ere zuzendu nahi dugu. Lardizabal herri eskolan ez da 4 urteko ikasgela itxi, 4. Mailakoa baizik.

 

Zaldibian, 2020ko urriaren 14an.

 

Eztitxu Mujika - Zaldibiako Alkatea

LOTUTAKO INFORMAZIOA: Zaldibian Koronabirus gaitzaren agerpenaren inguruko informazioa - Eguneraketa 2020/10/14