Hastera doa ikasturtea Lardizabal Herri Eskolan. Gaur bildu dira udal ordezkari eta langileak, jangelako langileak eta Guraso Elkarteko ordezkariak eskolako zuzendaritza eta irakasle-klaustro osoarekin. Eskolako helburu eta proiektu nagusiak izan dituzte hizpide, baita elkarlanean aritzeko borondate eta beharra ere. Udaran zehar hainbat garbiketa eta hobekuntza lan egin dira.
Urtero bezala, uda garaiko etenaldia baliatuz, garbiketa eta hobekuntza lanak egin dira Lardizabal Eskolako eraikinean eta inguruetan. Geletako hormen margoketak, mantenu-konponketa, altzarien eta gailuen lekualdaketak, materialen berrikuntzak... Gainera, bi ikasgeletan akustika hobetzeko plakak jarri dira eta kanpo-ikasgelen artean estalpea eta eserleku-babesgarria ere bai. Eskolara joateko zubian hondatutako oholak ordezkatu eta sare-metalikoa jarri da.
Hobekuntza hauek Zaldibiako Udalak bideratu ditu eskolak zehaztutako beharrei erantzuteko eta Hezkuntza Sailaren diru-laguntza ere jaso da lan hauen zati bat finantzatzeko.
Gaur goizean eskolan bildu dira, hain zuzen, Zaldibiako udaleko ordezkari eta langileak eskolako zuzendaritza eta irakasle-talde osoarekin, baita eskola-komunitateko beste langile eta ordezkariekin ere. Bihar hasiko da 2026/2027 ikasturtea HH eta LH mailetako 245 ikasleentzat eta egunerokoan eskolan dituzten helburuez eta proiektuei buruz aritu dira, hezkuntza-komunitate osoaren babesa beharrezko izango delarik hauek garatu eta eskuratzeko.

Prest daude beraz eskolako azpiegiturak eta baita irakasle-taldea ere. Hori horrela izanik, Udaletik gogorarazi nahi da egindako lanak denon mesederako direla, arduraz zaindu eta babestu beharrekoak. Udaran, esaterako, kanpo ikasgelak apaintzeko jarritako lonak askatu eta hautsi dira behin baino gehiagotan. Halako erasoak ez dira onargarriak eta are gutxiago onura publikoko azpiegituretan. Zaindu ditzagun herria eta bertako azpiegiturak.