Bi baso eremutan lursailak erosi ditu Zaldibiako udalak

Aurreko jabeek lursail horietako pinuak eta bestelako koniferak ustiatu ondoren egin dira tratuak, erosketaren helburua bertako espezie, baso eta ekosistemen kontserbazioa indartzea eta bioaniztasunaren galera gelditzea izanik. Jarraian informazio gehiago. 

 

2025 urtean 2 baso eremutan lursailak erosi ditu Udalak. Aurreko jabeek lursail horietako pinuak eta bestelako koniferak ustiatu ondoren egin dira tratuak.

Udaberrian erosi zen lursailetako bat, "Luis saroia" izenekoa, Urrustiarren eta Bikastillo arteko 2 hektarea inguruko eremua. Bigarren sailaren salerosketarako sinadura gaur bertan izan da eta 20 hektareatik gorako saila eskuratu du udalak Martxabaleta inguruan. Eremu hau Ataungo Errekabeltz inguruan dago baina Zaldibia da.

Bertako espezie hostozabalak landatuz, baso eta ekosistemen kontserbazioa indartzea eta bioaniztasunaren galera gelditzea izango da hurrengo pausoa. Ildo horretan, aurtengo negu bukaerarako aurreikusi dira landaketak Urrustiarren eta Bikastillo arteko eremu horretan. Martxabaletako inguruan berriz, oraindik aurreko zuhaitz masa guztiz ustiatu gabe dago eta gehiago itxoin beharko da.

Hurrengo urteetan ere interesekoak izan daitezkeen lursailak erosteko asmoarekin jarraituko du Zaldibiako udalak. Proposamenen eskaintza ekonomikoaz gain , lursailaren azalera, udalaren jabetzako lursailekiko hurbiltasuna, eta bertako basoen kontserbaziorako ekarpena baloratuko dira.