Lau urtetarako izendatuko dira Zaldibiako bake epaile titular eta ordezko berria: urriaren 20tik azaroaren 7ra bitartean izango da eskaerak aurkezteko epea. Eskaerak udaletxean edo zaldibia.eus atariko bulego birtualean egin daitezke. Jarraian informazioa.
Udalak martxan jarri du bake epaile titularra eta ordezkoa hautatzeko deialdia. Interesdunek eskaerak aurkezteko epea astelehenean, urriaren 20an irekiko da, eta azaroaren 7ra arteko epea izango dute. Eskaerak aurrez aurre edo udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin beharko dira. Horren ostean, eskaerak aztertuta, udalbatzak aukeratuko ditu bake epaile titularra zein ordezkoa.
Oinarrietan azaldu dutenez, interesdunek eskaeran aitortu beharko dute deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela, eta legeak xedatutako ezgaitasunik edo bateraezintasunik ez dutela. Halaber, hautaketa prozesuari begira egoki iritzitako merituak aurkeztu beharko dituzte, curriculum vitae-a kasu.
Jarraian irakur daiteke 2025eko urriaren 17an GAO-n argitaratu den iragarkia, Zaldibiako bake epaile izateko betebeharrekin, gaitasun eta bateragarritasun baldintzekin nahiz eskubideekin.