UEMAk antolatutako Salto udaleku ibiltariaren 2. txandan parte hartzen ari diren 70 gaztetxo Zaldibian izango dira gaurtik igandera bitartean. Hainbat ekintza dituzte programatuak eta herritarrentzat ere bada parte hartzeko aukera, bereziki larunbat gaueko 22:00etan plazan izango den bertso-musikatuen saioan.
Salto udalekuak Goierri hartu du kokaleku aurtengo udan. Ekainaren 24tik uztailaren 2ra egin zuten lehen txanda, eta asteazkenean abiatu zuten bigarrena. Oraingo honetan ere, Baliarrainen abiatu dute ibilbidea, gaur Zaldibiara iritsiko dira eta igandean Ataunerako bidea hartuko dute; bertan bi gau igaro ondoren, Idiazabalen egingo dituzte azken bi egunak.
Ostiral goizean, uztailak 4, 14-17 urte arteko gazteak iritsiko dira Zaldibiara, eta herriko txokoak ezagutzeko hainbat ibilaldi eta jarduera dituzte prest, tartean piragua saioa eta errekan bainua hartzea.
Gainera, larunbat gauerako bertso saio berezia antolatu dute, bertsoa eta musika uztartuz. Aissa Intxausti, Eli Pagola eta Haizea Arana arituko dira bertsotan; Aner Peritzek eskainiko ditu piano eta gitarra doinuak eta Klau artistak joko du klarinetea. Larunbatean 22:00etatik 23:00etara izango da bertso saioa, eta herritarrak ere gerturatu daitezke saioaz gozatzera. Saltoko arduradunek aurreratu dutenez, bertso saioko gaiak bertso eskolan aritzen diren gazteek proposatutakoak izango dira, beraz, bereziki Zaldibiako gazteak bertaratzeko deia egin dute.
Salto Udalekuak, udalerri euskaldunetako gazteentzako UEMAk antolatutako dira. Informazio osoa HEMEN.