Asteburuan Arastortz mendiaren inguruan izandako sutearen harira, hainbat ohar plazaratu ditugu bi udalok herritarrei eskutan izan dugun informazioa helaraziz eta ikusi ditugun gabeziak azpimarratuz, besteak beste. Izan ere, bizitako egoeraren eta ikusitako gabezien aurrean, herritarrei informazioa zintzoki emateko beharra sentitzen dugu. Jarraian adierazpenak:
Asteburuan Arastortz mendiaren inguruan izandako sutearen harira, hainbat ohar plazaratu ditugu bi udalok herritarrei eskutan izan dugun informazioa helaraziz eta ikusi ditugun gabeziak azpimarratuz, besteak beste. Izan ere, bizitako egoeraren eta ikusitako gabezien aurrean, herritarrei informazioa zintzoki emateko beharra sentitzen dugu.
Hori dela eta, honakoa adierazi nahi dugu Ataungo eta Zaldibiako Udalek modu bateratuan:
Suhiltzaile, basozain eta laguntza-taldeetako kideak izan ziren sua itzali eta kalteak eta ezbeharrak haundiagoak ez izatearen arduradunak; Zaldibia eta Ataungo alkateok zuzeneko jarraipena egitera joan ginenean zuzenen adierazi genien; eta berriz ere publikoki berretsi nahi diegu gure esker ona.
Tamalez ezin dugu berdina esan Foru Aldundiak izandako eskuhartzeaz; arduradunen aldetik aurretik eginiko antolakuntzak, eskumen banaketak eta baliabideen aurreikuspen egokiak, suteak eragindako kalteak gutxituko zituzkeen. Eta hori da, hain zuzen ere, faltan bota duguna.
Izan ere, Aralarko Parke Naturalean 25 ha erre dira, horietako asko Aralarko Parke Naturaleko Natur baliabideen Antolamendu Planean erreserba eta babes barruti bezala izendatuak, eta hegaztien kumatze garai betean. Halako ezaugarriak dituen eremuan jarduteko bestelako neurri eta baliabideak izan beharko lirateke eskura.
Gure ekarpena egiteko prestutasuna adierazi dugu suteari aurre egiteko unean udaletan edo herrian izan genitzakeen baliabideak jartzeko. Sutea itzali ondoren ere, prestutasun bera adierazten dugu gure ikuspuntua azaldu eta ekarpenak egiteko.
Klima aldaketak zoritxarrez areagotu egin ditu bero-aldiak eta sute arriskuak, eta egoerak ez du epe motzean hobera egingo. Kasu hauetan prest egoteko neurriak hartzea dagokigu erakunde publikoei. Beraz, Foru Aldundiari luze gabe lan horri ekiteko eskaera egiten diogu.
Ez genuke ohar hau amaitu nahi gure senide nafarrei keinu egin gabe. Jaso besarkada eta indarra Aralarko alde honetatik.
Ataunen eta Zaldibin, 2022ko ekainaren 23an.