Arastortz mendian sortu den sutearen inguruko oharra (II)

Atzo argitaratutako idatziari jarraiki, hona hemen gaurko egunak eman duenari buruzko laburpena. Une honetan foko guztiak kontrolatutzat jo dira, baina zaintza lanak egingo dira gauean. Jarraitu irakurtzen.

Atzoko eguneko azken orduetan, hasiera batean haizea medio sua pixka bat indartu bazen ere, bart gauean oro har egoera nahiko egonkorra izan da.

Kobaegiko bizilagunekin izan ginen egunaren amaieran eta haiei esker ziurtatu ahal izan dugu gaur egunak argitu orduko ere, sua oraindik bazela eta berriro indartzen ari zela gainera, foko berriak sortuz.

Aipagarria da ordurako komunikabideetara sua itzali zenaren albistea iritsi omen dela segurtasun sailetik, artean 3 foko gutxienez piztuta baziren ere.

Goizeko lanak bertatik bertara jarraitzeko aukera izan dugu. Eskertzekoa izan da suhiltzaile, basozain, laguntza-talde eta bizilagunen lana, bai gauean zehar, baita ondoren ere.

Iparraldeko hegian, Atxuritik behera Arkaka aldera izan da fokoetako bat. Laguntza-taldekoek Kobaegitik Intxusti alderako bidean itxaron diote suari, han palaz itzali asmoz. Zalantzak izan dira lortuko ote zen, haizearen eragina eta jende falta tarteko, baina helburua lortu dute puntu horretan. Kobaegi ingurutik mangera bidez ura eraman eta eremua bustitzen ere aritu dira ondoren, berpizteak ekiditeko.

Intzartzuko mailo inguruan izan dira beste fokoak, bai Ataun aldetik, baita Lazkao-Zaldibi aldetik ere. Ataun aldekoa eguerdirako menderatzea lortu badute ere, Lazkao-Zaldibi aldekoa orain gutxira arte mantxan izan da.

Ordu honetan jakinarazi digute foko guztiak kontrolpean daudela, nahiz eta tarteka berpizte batzuk gertatzen diren oraindik.

Gauera begira, adierazi digute ura kamioi eta mangeraz iristen diren tokiak urez busti dituztela, eta ura iristen ez den tokietan basoko laguntza-taldekoak ikuskaritza lanetan geratuko direla.

Hasieran aipatu bezala, bereziki eskertu nahi dugu egoerak okerrera egin ez zezan lanean aritu direnen ekina.

Atzo lehenengo momentutik, sua ahalik eta azkarren itzaltzeko eskaera egin genuen Zaldibiako Udaletik, horretarako behar diren bitarteko guztiak jarri daitezela eskatuz.

Deigarria eta puntu dezentetan hobetu beharrekoa iruditu zaigu basoko sute egoerei aurre egiteko antolamendu eta protokoloa. Hala nola:

  • Erantzun azkarra: orduan eta azkarrago ekiteko aukera izan, galerak (ekologikoak, pertsonalak, ekonomikoak…) txikiagoak dira, noski.
  • Bitartekoak: irisgarritasun zaileko edo malkar/harri arriskuko lekuetan aire bidez ekiteko aukera, egoera ondo aztertzeko drone-ak, eskura izatea eremuko bide-pista mapak, giza-baliabide gehiago…
  • Koordinazio-komunikazioa: informazioa eskatuz aritu gara batari eta besteari, eta orokorrean erantzun digute, eskertuta gaude alde horretatik. Hobetzeko asko dago gai horretan ere, ordea, hainbat informazio uste dugulako ez zaigula eman, ez behintzat hasieratik, edo komunikabideetan behar bezala kontrastatu gabeko informazioa eman delako, besteak beste.

Gure aldetik prestutasun osoa agertzen dugu hobetu beharreko puntuak lantzeko eta ekarpenak egiteko horretarako aukerarik ematen bazaigu.

Ea gauak eta eguraldiak laguntzen duten eta bihar sua erabat itzali dela esateko moduan izaten garen. Gaiaren gainean jarraituko dugu, baita jarraian etorriko diren urratsen gainean ere.

Zaldibin, 2022ko ekainaren 19an

 

 


2022 Sutea Arastortz mendian

 

20220619-1030-Sutea Arastortz -bideo3 kobaegi

ARGAZKI GEHIAGO HEMEN