Iñigo Urkullu lehendakariak atzo Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak aurreratu zituen. Gaur plazaratu dira aldizkari ofizialean. Hemen duzue informazio guztia.
2020/11/06 NEURRIEN EGUNERAKETA
Sei urtetik gorako pertsonek nahitaez erabili beharko dute maskara, pertsonen arteko distantzia edozein dela ere, bai bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan daudenean, bai erabilera publikoko espazio itxietan daudenean edo jendearentzat irekita daudenean, bai espazio berean beste pertsona batzuekin elkartu ahal direnean.
Lantokietan nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea. Betebehar hori ez da eskatuko lan-tipologia edo -baldintza bereziak kontuan hartuta, laneko osasun-zerbitzuek ez erabiltzea gomendatzen duten kasuetan. Nolanahi ere, 1,5 metroko segurtasun-distantzia gorde beharko da
Merkataritza-establezimendu guztiek –farmaziek eta erregaien txikizkako banaketa-zerbitzuguneek izan ezik– dagokien araudiaren arabera itxi beharko dute, gehienez ere 21:00etan.
Kultu-aretoetara joateak ezin izango du edukieraren % 35 gainditu, eta, nolanahi ere, erabiltzaileen arteko 1,5 metroko distantzia bete beharko da. Gehieneko edukiera kultu-aretoan jarri beharko da, ikusteko moduko lekuan.
Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuen erabateko itxiera ezartzen da, hoteletako eta ostatu hartuta dauden bezeroen zerbitzurako beste ostatu batzuetako jantokietan izan ezik. Etxez etxeko otorduak prestatu eta zerbitzatu ahal izango dira, edo bertan jasotzeko aldez aurretik hitzordua eskatuta, 21:00ak arte.
Itxieratik salbuetsita geratzen dira gasolindegietako eta zerbitzuguneetako jatetxe-zerbitzuak errepidez zirkulatzen ari diren pertsonentzat, osasun-zentro eta -zerbitzuetakoak, zerbitzu sozio-sanitarioetakoak, eskola-, lan- eta unibertsitate-egoitzetako jantokiak eta izaera sozialeko jantoki-zerbitzuak.
Kafetegi-zerbitzua modu osagarrian eskaintzen duten okindegi-gozotegi moduko establezimenduek ezin izango dute zerbitzu hori eskaini, eramateko izan ezik.
Jarduera edo ekitaldi kultural edo sozialik ezingo da 21:00ak baino beranduago amaitu. Bertan behera geratzen dira musika- eta ahots-izaerako edo dantza-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez-profesionalak, musikako graduko ikasketen edo baliokideen prestakuntza arautuari dagozkionak izan ezik. Debekatuta dago gozokiak, freskagarriak edo antzekoak saltzea eta kontsumitzea horrelako jarduerekin lotutako instalazioetan.
7. KIROL-INSTALAZIOAK ETA KIROL-LEHIAKETAK, -EKITALDIAK ETA -IKUSKIZUNAK EGITEA.
Taldeko edozein kirol-jarduera eten egiten da, bai entrenamenduan, bai lehiaketan.
Salbuetsita daude, eta egin daitezke lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak.
Era berean, gimnasio, kirol-talde, igerileku eta kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak egin ahal izango dira, eskola-kirola izan ezik, baldin eta maskara erabiliz egiten badira, sei laguneko taldeetan gehienez, eta edukiera ehuneko 40ra mugatuta badago.
Kirol-instalazio mota guztietako aldagelak eta dutxak ixtea erabaki da.
Debekatuta dago jendea kirol-ekitaldietara joatea.
Bakarka edo bizikideekin bakarrik egin ahal izango da kirola. Betiere, igerilekuetan izan ezik, banakako jarduera fisikoa edo kirola maskaraz egin beharko da hiri-inguruneetan.
Joko- eta apustu-establezimenduak eta -lokalak ixtea erabaki da.
Dekretu honetan aurreikusitako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, gehienez ere 15 eguneko epean, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Ondorio horietarako, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira.