Apirilaren hasieran irekiko da Udako Jardueretan izena emateko epea
Aurtengo udari begira, hainbat aldaketa eta hobekuntza egin ditu Zaldibiako Udalak. Jarraian guztiak ikusgai.
Beste urte batez Zaldibiako Udala Udako jardueren prestaketan murgilduta dago. Aisialdi herrikoia, euskalduna eta hezitzailea ditu helburu eta horretarako lanketa berezia egiten ari da.
Iaz HH eta LH-ko 200 haurrek parte hartu zuten Udako Jardueretan, eskolako ikasleen %85ak, hain zuzen ere. Horiez gain, DBHko 35 gaztetxo ere aritu ziren beraientzat egokitutako aisialdi eskaintzan parte hartzen. Zerbitzua emateko 23 begirale eta 2 koordinatzaile jardun ziren lanean.
Aurtengo udari begira, hainbat aldaketa eta hobekuntza egitea aurreikusi da honako arlo hauetan:
- Hezitzaileen formakuntza: Hezitzaileen formakuntzan sakondu nahi da, eta horretarako Zaldibiako Udalak 20 orduko ikastaroa antolatu du herriko gazteentzat. Hezten elkarteak gidatzen du ikastaroa; dagoeneko bi saio burutu dira eta martxoan zehar egingo dira gainerakoak.
- Iraupena: Aurten, Udako jarduerak ekainaren 30etik uztailaren 24ra izango dira. 3 aste eta 4 egun iraungo dute (ia 4 asteko iraupena).
- Prezioa: Udako Jardueren matrikula bateratu nahi izan da. Orain arte, zatika ordaintzen ziren Udako Jarduerak: lehenengo matrikula eta ondoren, irteerak. Orain, ordea, kuota bakarra ezarri da eta horren barnean sartzen dira matrikula eta gainerako jarduera eta irteera guztiak. HH eta LH-ko haurrek 90€ ordainduko dute eta DBH-eko gaztetxoek 110€. Dena dela, hobari sistema zabala aurreikusi da, egoera zaugarrian dauden edo beharra duten familiek kuota hori ordaintzeko arazorik izan ez dezaten.
- Hobariak: Hobariak bi motakoak izango dira. Batetik, errentaren araberakoa, lanbide arteko gutxieneko soldata kontutan hartuta, eta bestetik, familia ugarientzako hobariak. Horrez gain, kasu bereziak Gizarte Zerbitzuetan aztertuko dira.
- Ordainketa: Ordainketa ez da momentuan egin beharko. Izena ematerakoan, kontu zenbakia zehaztu beharko da izen-emate orrian, eta ekainean helbideratuko da kobrantza orokorra. Hobariak edota kasu bereziak banan-banan aztertuko dira, eta kobrantza egin aurretik jakinaraziko zaio familia bakoitzari zenbateko kuota ordaindu behar duen.
Udako Jardueren izen-emate epea apirilaren 1etik 11ra izango da aurten. Urtero bezala, eskolaren bidez zabalduko da deialdia, eta Karreane Kultur Etxea izango da izena emateko eta informazioa lortu edo zalantzak argitzeko erreferentziazko lekua.
GARRAIOA
Otsailetik 12 urtez azpiko haurrek doako autobus zerbitzua dute, MUGI txartela erabiliz gero. Udako Jardueretan hainbat irteera egiten dira autobusean, eta udalak gomendatzen du 6 urtetik aurrerako haurrek MUGI txartela edukitzea, doako garraioa izan dezaten.
MUGI txartela herrian bertan egin daiteke, Goiko okindegian, edo internet bidez eskatu. Bi kasuetan honako dokumentazioa aurkeztu behar da:
- Adingabearen NAN, Atzerritarren Identifikazio Txartela edo pasaportea halakorik badu. Bestela, familia liburuaren fotokopia (adingabearen datuak agertzen diren orrialdean).
- Karneteko argazkia.
- Formularioa behar bezala beteta (Okindegian eskuratu daiteke).
- Tutorearen NANaren, pasaportearen edo Atzerritarren Identifikazio Txartelaren fotokopia.
- Txartelaren kostua 5€koa da, eta eskaera egiterakoan ordaindu behar da.