Aho batez onartua Palestinaren aldeko adierazpena

Maiatzaren 14ko ez-ohiko osoko bilkuran, 2023ko kontu orokorra eta Europako Hauteskundetarako mahaikideen zozketa onartzearekin batera, Palestinarekiko Erantzukizuna Elkarteak aurkeztutako mozioa aztertu eta onartu zen, aho batez. Jarraian onartutakoa xehetasunez. 

 

2024ko maiatzaren 14an ospatu zen ez-ohiko udalbatzarra, palestinar herriaren "Nakba" edo hondamendiaren 76. urteurrenaren baitan. Palestinarekiko Erantzukizuna Elkarteak aurkeztu zuen mozioa eta udalbatzarrean izan ziren bertako bi kide. Udaleko ordezkariek, aho batez honakoa onartu zuten:

 

ZALDIBIAKO UDALAK AHO BATEZ ERABAKI DU:

  • Palestinan berehalako su-etena eskatzea, eta Gobernuari eskatzea Gazako Zerrendan laguntza humanitarioa sartu eta emango dela ziurtatzea, betiere langile humanitarioen babesa bermatuz.
  • Biztanleria zibilaren aurkako eraso guztiak salatzea eta Nazioarteko Eskubide Humanitarioekiko eta Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearekiko errespetua eskatzea, NBEK gerra-krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak (genozidioa eta apartheid-a barne) amaitzeko eta zigortzeko behar dituen mekanismoak aktibatuz.
  • Onartzea okupazio koloniala eta apartheid-a direla gatazkaren egiturazko arrazoiak, eta nazioarteko komunitateak Nazio Batuen ebazpenak eta giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea bete behar dituela, bake justu eta iraunkorra eraikitzeko berme gisa.
  • lsraelgo gobernuarekin harreman instituzional guztiak etetea behin betiko su-etena izan arte, Palestinako herriaren giza eskubideak bermatu arte eta Israelek Nazioarteko Zuzenbidea eta Nazio Batuen ebazpenak bete arte.
  • Eusko Jaurlaritzari eskatzea, Udal honetatik egiten dugun bezala, Espainiako Gobernuari exiji diezaiotela Estatuko esparru juridikoan ezarritako betebeharrak bete ditzala eta Israeli norabide biko bahitura militarra ezar diezaiola, bai eta Israelekin lankidetza militarreko eta segurtasuneko programa guztiak bertan behera utz ditzala ere, Palestinako herriaren eskubideak errespetatu arte.
  • Eusko Jaurlaritzari, eta Espainiako Gobernuari Gazako Zerrendaren aurkako bonbardaketak eta setioa gelditzeko behar diren neurri diplomatiko guztiak har ditzatela eskatzea, Israelgo gobernuaren eta haren arduradunen aurkako zigorprograma barne, eta lsraelgo Estatuarekin harreman diplomatikoak etetea Nazioarteko Zuzenbidea eta Nazio Batuen ebazpenak bete arte.

Aurreko erabakiak arduradun politiko hauei jakinaraztea ere erabaki zen:

  • Iñigo Urkullu Renteria jauna, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria.
  • Josu Iñaki Erkoreka Gervasio jauna, jarduneko lehendakariordea eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua.
  • Eider Mendoza Larrañaga, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia
  • Pedro Sánchez Pérez-Castejón jauna, Espainiako Gobernuko presidentea.
  • José Manuel Albares Bueno jauna, Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Espainiako Lankidetzako ministroa.
  • Margarita Robles Carrillo, Defentsako ministroa.
  • Josep Borrell i Fontelles jauna, Europar Batasunaren atzerri- eta segurtasunpolitika erkideko goiordezkaria.
  • Antonio Guterres jauna, Nazio Batuetako idazkari nagusia.