Zaldibiako udalbatzak ahobatez erabaki du "Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki!" lemapean ekainaren 7rako Gure Eskuk egindako deialdiarekin bat egitea, zaldibiarrak Bilbora joan daitezen animatuz. Jarraian adierazpena.
“Zaldibiako udalbatzak ahobatez erabaki du "Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki!" lemapean ekainaren 7an egingo den mobilizazioarekin bat egitea. Gure Eskuren deialdiarekin bat eginez, zaldibiarrak animatzen ditugu Bilbora joan daitezen mezu argi bat plazaratzeko: herri bat gara, Euskal Herria gara, berezko nortasuna, hizkuntza, kultura eta ohiturak dituen herria, bere burua gobernatzeko borondate irmoa duena. Herri gisa garatzeko baliabideak eskatzeko eta gure etorkizuna erabakitzeko borondatea adierazteko eguna izango da.”