Adierazpen Instituzionala

Urriaren 29ko osoko bilkuran, aho batez onartu dute udalbatzako ordezkariek jarraian jasotako adierazpena, artzain zaldibiar batek jasandako erasoaren harira. 

 

Urriaren 29ko Ohiko Osoko Bilkura. Udalbatzak aho batez onartutako Adierazpen Instituzionala:

 

Joan den urriaren 18an artzain zaldibitar baten autoari lau gurpilak zulatu zizkioten aparkatuta zuela.

Eraso honen aurrean, abuztuko erasoaren aurrean esandakoa berrestea dagokigu udal gisa: iritziak iritzi, herritar guztiek askatasunez eta inori kalterik eragin gabe iritzia emateko eskubidea defendatzen dugu.

Argi adierazi nahi dugu ez halako erasoek, ez eta haien erantzuleek, ez dutela lekurik gure herrian.

Eraso honen helburua, kalte pertsonala eragiteaz gain, iritziak libreki eta askatasunez emateko guztiok dugun eskubidea mugatu eta beldurra zabaltzea bada, are eta salagarriagoa da eraso hori.

Beraz, Zaldibiako udalbatzak aho batez gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu erasoa eta bere ondorioak jasan dituzten herritarrei. Eta herritar guztiei ardura eta errespetua eskatzen dizkiegu, bai elkarren arteko harremanetan, baita eztabaida politiko-publikoen aurrean ere.