Aurten 177 haur eta gaztetxo parte hartzen ari dira Udako Jardueretan, eta 23 begirale eta bi koordinatzaile ari dira lanean parte-hartzaileei euskara ardatz duen aisialdi hezitzailea eskaintzeko.
Ekainaren 29an abiatu ziren Udako Jarduerak, eta ohiturari jarraituz haur eta gaztetxoz bete dira herriko txokoak goiz partean. Izan ere, uztailaren 24ra bitartean, 2-15 urte bitarteko Zaldibiako 177 haur eta gaztetxok aisialdi eskaintza zabalaz gozatzeko aukera izango dute. Adin tarte bakoitzari egokitutako jarduerak antolatu dira, aisialdi hezigarrian oinarrituta, eta gogotsu dabiltza parte-hartzaileak.
Lehen astearen helburua haurrak eta hezitzaileak elkar ezagutzea izan zen, eta horretarako jolas kooperatiboak, herriarekin eta euskal kulturarekin erlazionatutako ekintzak, arte tailerra, mendi buelta eta kirol desberdinak egin zituzten. Aste honetan, berriz, ekintza bereziagoa egiten hasi dira haurrak eta nerabeak. Asteartean, esaterako, San Fermin Txiki eguna ospatu zuten guztiek elkarrekin. Atzo, LH6. mailakoak eta DBHkoak Donostiako Zurriola hondartzan izan ziren surf ikastaroa egiten eta LH 3 eta 4. mailakoek Ordiziako Azoka bisitatu eta hainbat erosketa egin ondoren, gaur sukaldaritza tailerra egiten aritu dira plazan Ordizian erositako produktuekin.
Orain arteko dinamikarekin jarraituz, aurrerantzean ere beste hainbat ekintza eta irteera egingo dituzte haurrek Udako Jardueretan, batzuk herrian bertan eta beste batzuk herritik kanpo: besteak beste, Oiduin egonaldia, Master Chef ekimena, Hernaniko igerilekura irteera, Gasteizko Gamarra igerilekura egun-pasa edota Zarautz-Getaria ibilaldia egin ondoren, Getariako hondartzan eguna pasatzea. Bukatzeko, urtero bezala, uztailaren 24an jaialdia baten bidez emango zaie bukaera Udako Jarduerei.